Ongi etorri! Ultzama zain duzu!
Lasaitasuna, ongizatea, dibertsioa, askatasuna, plazerra... Horiexek dira, besteak beste, gure bailara bisitatzean biziko dituzun sentsazioak. Ongi etorri Ultzamara.
Valle de Ultzama... hamalauak bat
Iruñetik 25 kilometrora dagoen bailara da, eta bailara zeharkatzen duen Ultzama ibaiak ematen dio izena. Ultzama izena “UX” (goian, altu, gain) erro zeltatik datorkio, eta “Uxama” hitz eratorriak “altuena” esan nahi du. Basaburuarekin batera, Ultzama da Nafarroako mediterraneoko isurialdea osatzen duten bailaren artean altuena. Harizti, pagadi eta larre berdez inguraturiko 14 herrik osatzen dute Ultzama, denak ere etxe handiak dituztenak. Bisitari aunitz etorri ohi da aspaldi Ultzamara eta ondorioz, lo egiteko leku ugari dago: landetxeak, hotelak, hostalak, turismorako apartamentuak, baita zuhaitzetako etxolak ere. Bestalde, herrietako ostatuek zein jatetxeek, bertako gastronomia dastatzeko aukera paregabea eskaintzen dute.
Ultzama... abeltzaintza paisaia
Ultzamako paisaian antzematen da bizi ahal izateko gizakiaren esku-hartzeak ingurunean izan duen eragina. Horren lekuko dira abeltzaintzari loturiko larre eta borda ugariak. Ardi latsak herrilarre eta mendietan bazkatzen dira, eta horrela betetzen dute gure ingurunea mantentzeko ezinbestekoa den egitekoa. Paisaiaz gozatzeko hoberena da larre artean doazen bide eta bidexketan barna ibiltzea. Eltso, Gerendiain eta Gelbentzutik (Odieta) Ultzama ikusteko bista panoramiko ezin hobeak daude. Bertatik ikus daitezke Aralarreko mendizerra edota Maioak.
Ultzama... janari usain goxoak
Merezi du bailarako herriak bisitatzea. Bisita lasaitasunez eginez gero, bertako harrizko etxe handi eta ederrak ikus daitezke; etxe horiek bi isurkiko teilatuak, puntu erdiko ateak, teilatu-hegal luzeak eta fatxada osoan lorez beteriko balkoiak dituzte. Horren adibide dira Zenotz, Eltso eta Gerendiaingo etxe blasoidunak edo Eltzaburu eta Arraizko hiriguneak ere. Deigarriak dira Ilarregiko eliza parean dagoen plaza irekia, Iraizozko kaleak eskaintzen duen ikuspegia eta Auzako herria bitan banatzen duen errekaren bi aldeetara lerrokatuta dauden etxeek osatzen duten auzune ederra. Bailarako gastronomia oso ezaguna eta preziatua da, tradizioari eusten baitio eta bertako produktuak erabiltzen direlako. Beraz, herrietako bisita despeditzeko, bertako produktuak dastatzea baino hoberik ez dago: bertako haragiak, zizak, ezti artisaua, gazta edo hemengo postre tipikoa den mamia edo gaztanbera, ardi esnez egindakoa. Mamia egiteko gori-gorian dagoen kizkilurrin izeneko harria erabiltzen da, eta horrek ematen dio esneari erre zapore berezia.
Ultzama... berde amaigabea
Berde anitzetako larreak eta basoak dituen bailara ondulatu hau, bere natur aberastasunagatik, Natura 2000 Europako sarearen barrenean dagoen “Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu” izendatu zuten. Leku azpimarragarriena Lizasoko Orgi hariztia da. Babestutako lekua bada ere, bisitetarako egokitutako espazioa da. Orgitik hurbil, Arraitz-Orkingo haritz zahar eta ederra bisitatu daiteke. Bailararen iparraldeko pagadi nagusiak (Mortua), Ultzamako Parke Mikologikoaren parte dira. Parke honek baliabide mikologikoen jasangarritasuna du helburu. Pagadietan gora joz gero, Belatera iristen da. Belate Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen lerro zatitzailea eta bailarako puntu altuena da, itsas mailatik 847 metrora dagoena. Aipagarria da, bere berezitasunagatik, Belateko zohikaztegia, Nafarroako zohikatz biltegi garrantzitsuenetako bat da eta 17.000 urte dituela kalkulatzen da.
Ultzama... Belateko portutik
Belate da Ultzamako iparraldea ezartzen duena. Baztanekin mugakide da. Betidanik izan da komunikazio bide garrantzitsua, eta kontrabandisten pasabide azpimarragarri bat. Belatetik pasatzen da Iruña eta Baiona lotzen zituen Erdi Aroko bidea ere, baita Donejakue Bidearen bideetako bat. Azken horren adibide dira erromesek erabiltzen duten antzinako galtzadaren aztarnak, zaharreberritutako Donejakue Ermita (XII.mendea) edo Belateko Santa Mariaren monasterio-ospitale, erreferentziazko dokumentuen arabera, 1165. urtekoa. Belatetik hasten dira nafar mendietako ibilbide politenetako batzuk ere, hala nola, Gartzaga, Saioa eta Adi mendietaraino doazenak.