2023/02/01

PRENTSA OHARRA: Ultzamako Udalak pistetan, eskolan, igerilekuetan eta frontoian inbertituko du 2023ko aurrekontuarekin


 

Onartu berri diren kontuak 1,8 miloi eurokoak dira, eta nabarmentzekoa da pistetan, eskolan eta kirol-instalazioetan egin den inbertsioa.   


Ultzamako Udalak 1.811.535 euroko aurrekontua onartu du 2023 urterako. Bertan, azpimarratzekoa da eskolan inbertsio garrantzitsuak egin direla sarbidea eta hesiak egokitzeko eta hobetzeko (48.000 euro), eta 45.000 euroko diru-sarrerak izango dituela, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan eginiko zuzenketa bati esker. Bestalde, beste bi partida ere badaude:  bat, 52.000 eurokoa, egokitzapen eta beharretarako, zenbait bainugelarako sarbideak hobetzeko, galdara-gela egokitzeko eta beste hobekuntza batzuetarako ere; eta bestea, 5.200 eurokoa, Ikasnovarako gela baten proiektua idazteko.


Beste alde batetik, 75.000 euro erabiliko dira hiru pista berritzeko. Horretarako hasierako partida 37.500 eurokoa da, eta berretsi den 37.500 euroko dirulaguntza batekin osatuko da aurrekontua.


Berrikuntza gisa, 19.000 euro gordeko dira aldagelak eta frontoira sartzeko sistema berritzeko, eta 22.000 euro igeri-ontziaren hesia berritzeko, araudiak hala agintzen duelako. Jarduketa horiek Tokiko Inbertsio Planean aurkeztu dira.


Gainera, inbertsioen multzoan, 89.000 euroko partida bat nabarmentzen da, Ultzanuetako Mankomunitateak aurreikusitako azpiegitura berrien azken obra handia osatzeko.


Elkarteen eta herritarren ekimen sozialetara bideratutako partidei dagokienez, besteak beste, honako ekimenendako dirulaguntzak jasotzen dira: Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Elikagaien Bankua, kultura eta kirol ekimenak eta Guraso Elkartea, Pulunpe, Pilota Eskola eta Turismo Elkartea.


Berritasun gisa, Abauntz haitzuloan arkeologo talde batek 2022an hasitako lanen jarraipena bermatu nahi da, eta, beraz, 6.800 euroko partida bideratuko da indusketa lanak egiteko.