2021/02/19

Ultzamak azpiegitura publikoetan, eraginkortasun energetikoan, kiroletan eta kulturan inbertituko du aurten

Ultzamako Udalak 1.600.295 euroko aurrekontua du 2021. urte honetarako, Osoko Bilkuran berriki onartutakoa. Bertan, ikastetxeetan, Elordiko poligonoan, eraginkortasun energetikoan eta fitness areto baten proiektuan inbertitzeko partidak azpimarratu behar dira, gizarte, kultura eta kirol arloko hainbat partida handitzearekin batera.


Hala, azpiegiturei dagokienez, Ultzamako Udalak 29.000 euro ditu aurten Haur Eskolarako (0 eta 3 urte bitartekoak), eta kopuru hori aldatu egingo da, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan agertzen diren Ultzamako eskolarako 60.000 eurora iristeko. Gainera, kontuek 32.000 eoro hartzen dituzte barne, ikastetxe publikoan inbertsioak egiteko eta ikuspegi pedagogiko batetik abiatuko den eraikinaren inbertsio-plan bat egiteko.


Udalak 50.000 euro emango dizkio Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateari Urritzolako ponpatzerako, eta beste 20.000 euro bideratuko ditu traktore bat erosteko, udal galdararako biomasa maneiatzeko erabiliko dena.


Azpiegituren arloan, 15.000 euro bideratuko dira Udalak Elordi industrialdean dituen partzelak berrurbanizatzeko proiektua idazteko eta Danone enpresa zaharraren eremua saneatzeko, beste 50.000 eurorekin batera. Horiek aurrekontua aldatuz gehituko dira, industrialdeko kalearen zoladura berritzen jarraitzeko.


Halaber, Ultzamako Udalak fitness eraikin bat eraikiko du. Horretarako, 32.000 euro gorde dira, eta, oraingoz, proiektu bat idatziko da, honen zehaztapenen arabera partida handitzeko aurreikuspenarekin.


Kulturari dagokionez ere, Uitzamako aurrekontuetan aurreikusten da gizarte-etxeko jardueren partida handitzea eta 3.000 euroko partida bat kultura-jardueretarako diru-laguntzetarako, Pulunpe euskarazko aldizkarirako 9.000 euroz gain. Kirolaren arloan, guztira 4.500 euro bideratuko dira kirol-ekitaldietarako (Ultzama Trail, Kirolaren Eguna...), eta beste 2.000 euro kirol-elkarte edo -ekimenei diru-laguntzak emateko, Pilota Eskolarekin iaz abiatutako hitzarmenaz gain (2021. urte honetan 1.300 euro ditu honek).


Arlo sozialean, Ultzamako Udalak 2.200 euro ditu aurten Ultzamarekin lotutako lan- eta ikasketa-beketarako, beste 1.200 euro Elikagaien Bankuari emateko, 4.500 euro Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako diru-laguntzen deialdirako, eta, azkenik, 3.000 euro ikastetxe publikoko APYMAk aurkeztutako ekimen baterako. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera bideratutako partida 2020an %18 handitu ondoren, aurten berriz ere igoko da, 66.000 eurotara arte.


Gainera, Ultzamako Udalak eraginkortasun energetikoaren aldeko apustua egingo du 2021ean. Horretarako, gizarte-etxeko, pilotalekuko, kiroldegiko eta industrialdeko argien auditoretza energetikoak egiteko zenbait partida aurreikusi dira. Era berean, bi partida daude eskola eta udaletxea hornitzeko plaka fotovoltaikoak dituen autokontsumo-proiektu bat eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune bat aztertzeko. Ikuskaritza eta azterlan horiek guztiek zehaztuko dituzte inbertsioen lehentasunak, eta gutxienez 72.000 euro bideratuko dira horietara, Foru Parlamentuak onartutako Covid19aren araberako Inbertsioetarako Funtsetik datozenak.