2026/03/03

Ultzamako Udalak etxebizitza publikoaren eta energia-eraginkortasunaren aldeko apustua egin du 2026ko aurrekontuetan

Ultzamako Udalak behin betiko onartu du, joan den otsailaren 12an, 2026rako udal-aurrekontua, guztira 2.075.363 eurokoa. Hurrengo ekitaldirako kontuek etxebizitza publikoaren, energia-eraginkortasunaren, zerbitzu publikoen hobekuntzaren eta kirol- eta baso-azpiegituren sustapenaren aldeko apustu garbia islatzen dute.
 

Etxebizitza publikoa bultzatzea

Berrikuntza nagusien artean, 30.000 euroko partida bat sortu da, Auzan erosi berri diren eraikinetako bat birgaitzeko proiektua idazteko eta obra zuzentzeko. Higiezin hori alokairuzko etxebizitza publiko gisa erabiltzea da helburua, udalak haranean etxebizitza eskuratzeko duen konpromisoa indartuz.
 
 
Aurrerapenak energia-eraginkortasunean eta jasangarritasunean

Jasangarritasun energetikoa 2026ko aurrekontuaren ardatz nagusietako bat da. Udal pilotalekuan, aldagelak berritzeko 2025ean idatzitako proiektua gauzatzeaz gain, 80.600 euro bideratuko dira kantxa eta harmaila berotzen dituen egungo gasolio-galdara ordezteko, sistema biomasa-galdaretara kontektatuz. Jarduera honetarako dirulaguntza eskatu da.
Halaber, haur-eskolan gasolio-galdararen ordez aerotermian eta energia fotovoltaikoan oinarritutako sistema eraginkorrago bat erabiltzeko inbertsioak egitea aurreikusten da, 58.060 euroko partida batekin. Jarduera hori finantzatzeko dirulaguntzak ere eskatu dira.
 
 
Kirol-instalazioak eta espazio publikoak hobetzea

Udalak kirola egiteko aukerak zabaltzen jarraituko du, kanpoan kalistenia-makinak jarriz, 13.000 euroko inbertsioarekin, aire zabaleko kirola eta bizi-ohitura osasungarriak sustatuz.
Hezkuntzaren arloan, eta kalitatezko baliabideak dituen eskola publiko baten aldeko apustua berretsiz, 2026an haur-parkea berrituko da 24.400 euroko inbertsioarekin.
Gainera, 25.000 euro bideratuko dira poligonoko zoladura eta seinaleztapena hobetzera, eta horretarako dirulaguntzaren bat izatea espero da.
 
 
Basogintzako jarduerak eta ingurunearen mantentze-lanak

Baso-hobekuntzen barruan, 70.000 euro esleitu dira pistak egokitzeko eta sasien garbiketa-lanak egiteko, bailarako natura-ingurunearen mantentzea eta kontserbazioa bermatuz. Jarduera horietarako, % 50eko dirulaguntza aurreikusi da.
 
 
Konpromiso soziala eta nazioarteko elkartasuna

Gizarte arloan, azpimarratzekoa da Udalak bere konpromiso solidarioa handitzen duela, Mundubat GGKE-aren bidez palestinako herriari laguntzeko 4.000 euro bideratuz, elikagaien bankuarentzako partida bat mantenduz eta gizarte zerbitzuetarako partida handituz.