2020/12/14

Cederna Garalur Elkarteak eta Denok Bat Elkarteak ‘Top Topa’ salmenta-plataforma aurkeztu dute

Cederna Garalur Elkarteak eta Denok Bat Merkatarien Federazioak “Top Topa” online bidezko salmenta-plataforma aurkeztu dute Iruñean, Nafarroako txikizkako merkataritzara eta hurbiltasunekora bideratuta. Plataforma garatzeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren finantzaketa eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren babesa ditu.

Online bidezko plataforma berriak landa-eremuko merkataritza-plaza baten eginkizuna betetzen du arlo digitalean. Horretan, establezimendu bakoitzak bere espazio propioa du bere burua sustatzeko, bere establezimendu birtuala kudeatzeko eta bere produktuak bitartekaririk gabe zuzenean bezeroei saltzeko. Ezaugarri horiek, alde batetik, establezimenduen autonomia sustatzen dute, online bidezko salmentako plataforma handietatik bereiz; izan ere, plataforma horietara atxikitzeko baldintzak askotan onartezinak dira denda txikientzat.

Top Topak 46 establezimendurekin hasi berria du bere bidea: 11 Sakanakoak dira, 9 Berakoak, 8 Doneztebekoak, 7 lesakakoak, 7 Baztangoak, 2 Leitzakoak, eta 2 Iruñeko Arrotxapea auzokoak.

Cederna Garalur eta Denok Bat Elkarteek sinatutako hitzarmenaren arabera, Top Toparekin bat egin nahi duten dendek tokiko merkataritza-elkarte edo -federazio bateko kide izan beharko dute; baldintza horretatik kanpo egonen dira masa kritikorik ez duten eta tokiko merkataritza-elkarterik ez duten Nafarroako Mendialdeko eskualdeak. Horrez gain, plataforma Denok Bat merkatarien federazioak kudeatuko du irabazi asmorik gabe.

Patxi Irrisarri Cederna Garalur Elkarteko lehendakariak nabarmendu du, ‘Toptopa’ri esker, tokiko saltokiei saltzeko eta bezeroekin harremanak izateko bide berriak irekitzen zaizkiela, erosketa- eta kontsumo-ohitura berrietara egoki daitezen, COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz finkatutako ohiturak.