Ultzamako Parke Mikologikoaren kudeaketa esleitu da
Ultzamako Udalak Uxama Sociedad Microcooperativa enpresari esleitu dio Ultzamako Parke Mikologikoa kudeatzeko zerbitzu-kontratu berria. Lau urteko iraupena izango du, 2021etik 2024ra, biak barne.
Enpresa esleipendunak urtean 4.000 euroko kanona ordainduko dio Ultzamako Udalari, eta, besteak beste, bailarako herritarren abonuen ordainketen helbideratzea eta kobrantza kudeatuko ditu. Gainera, erabiltzaileei zerbitzu batzuk eskaini beharko dizkie, bi aldeek (Udalak eta enpresak) sinatutako kontratuan zehaztuta daudenak.
Urte bakoitzaren amaieran, Udalak parke mikologikoarekiko dituen betebeharretatik eratorritako gastuen kalkuluak egingo dira, eta diru-sarrerak gastuak baino handiagoak badira, aldea parkean lurrak dituzten kontzejuen artean banatuko da, parkeak horietako bakoitzean hartzen duen azaleraren proportzioan.
Ultzaman erroldatutakoen 2021erako denboraldi-abonuak 10 euroko prezioa izango du, eta abenduaren 31ra arte izango du balioa. Abonuen kontu-kargua Uxama enpresak egingo du 2021eko otsailaren 22tik aurrera, eta egungo txartelak baliodunak izango dira, 2021eko ordainagiria ordainduta.
Enpresak bizilagunei eta bisitariei arreta emango die 646 184 263 telefonoaren bidez (otsailean, 09:00etatik 14:00etara; martxoan, aurrez aurre ere, ordutegi berean, eta info@parquemicologicoultzama.com helbide elektronikoan).
Gainera, parkeak webgune berria jarriko du martxan laster, www.parquemicologicoultzama.com helbidean, eta sare sozial guztietan artatzen jarraitzen du.
Etapa berri honen hasiera gisa, otsailean eta martxoan irteera mikologikoak eta (Hygrophorus marzuolus) elurraren perretxikoari buruzko hitzaldiak egingo dira.