2021/06/22

Larraintzarko Ikastetxea “etxez” aldatzen hasi da

Guraso Elkartea, Larraintzarko Eskola eta Ultzamako Udala elkarlanean aurrera eramaten ari diren Kili-Kili proiektuak bere lehen urratsa eman du: Ikastetxeko ikasleek "ekintza artistikoa" egin dute astelehen honetan, ikastetxea eraldatzea helburu duen egitasmo honen baitan.

Kartoizko kutxa bat eta hiru kolore: beltza, gorria eta urdina. Hauek izan dira Larraintzarko Ikastetxeko ikasleek astelehen honetan Kili Kili proiektuaren barruan "ekintza artistiko" batean lan egiteko erabili dituzten elementuak. Ikastetxeko hezkuntza-komunitatea azken hilabetetan ari da proiektu honetan lanean. Haren helburua, eskolaren instalazioen eraldaketa bultzatzea, erosotasuna eta segurtasuna bezalako oinarrizko alderdiak betetzeaz gain, egungo hezkuntza-erronkei erantzun diezaien.

Kili Kili proiektuan parte hartu duten ia 300 ikasleen lehen hartu-emana izan da gaurkoa. Bertan dauden hiru hezkuntza-etapetako, (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza) gela bakoitzean, 3 eta 16 urte bitarteko ikasleek kartoizko kaxekin jolasteko eta adierazteko aukera izan dute, mihise zuria bailitzan.

Ondoren, txandaka kanpora atera dira, eskultura kolektibo bat osatu eta altxatzeko: dorre eder bat. Kutxak eraikuntza bloke bihurtu dira eta, aldi berean, eskola zein hezkuntzaren eredu aldaketa eta berrikuntza sinbolizatu dute.

Dorrea egin eta gero, argazkiak atera eta uda osoan zehar ikastetxearen aurrealdea apainduko duen mural handi bat egingo dute. Ikasle bakoitzak bere herrira eraman du kutxa, martxan jartzen den aldaketa sinbolizatzeko.

KILI KILI PROIEKTUA

Gaur egungo hezkuntza-erronkei ikastetxeko instalazioak eraldatuz erantzutea da Kili Kili proiektuaren azken helburua. Larraintzarko Ikastetxeak 1965ean ekin zion bere ibilbideari eta urte horretatik ez da sakoneko berrikuntzarik egin. Garrantzitsuena duela 4 urte izan zen, 1996an instalatutako barrakoien ordez eraikuntza berria eraiki zenean aurrekoari atxikirik.

Duela urte erdi ingurutik, hezkuntza-komunitatea ikastetxea eraldatzeko "amets eder" horretan ari da lanean, Patxi Moreno Tobaruela zuzendariaren hitzetan. Ultzamako Udalaren eskutik egin da hori, joan den azaroan diru-partida bat bideratu baitzuen dokumentu tekniko bat egiteko, eraikinaren egoera aztertzeko eta espazioak hezkuntza-ikuspegi berrietara egokitzeko.

Orain arte, “Talde eragileak” zenbait lan-saio egin ditu, arkitektuekin batera irakasleek, familiek eta Ultzamako Udalak osatutakoa. Beste ikastetxe batzuetara bisitak egin dira, hala nola, Zumadia (Abarzuza), Arbizuko Herri Eskola, Irulegi (Mutiloa) eta Jesutinak (Txantrea). Halaber, hezkuntza-komunitate osoari irekitako hainbat hitzaldi egin dira, eta, horietan, planaren aurrerapenen berri eman da, bai eta beste eskola batzuetan gauzatutako proiektu berritzaileei buruzko informazioa ere.

Jarduera horiek guztiak, bai bisitak, bai ikasleekin eginen diren saioak eta tailerrak, uda ostean berrekingo dira.

Hortaz gain, Larraintzarko ikastetxea Nafarroako Gobernuaren Proeducar-Hezigarri programa bere hezkuntza proiektuan txertatzen ari da.

Kili Kili proiektuak aurten Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du herritarren parte-hartzea sustatzeko.