2020/06/04

Orgiko Basoa eta Ultzamako Baserri-Eskola, bisitariei irekita

Azken bi hilabeteetan Covid-19ren pandemiaren eraginez itxita egon ondoren, Barne Ministerioak, Nafarroan duen ordezkaritzaren bitartez, Orgiko Basoa Aisiarako Natura Eremua irekitzea baimendu du. Albistea iritsi da natura eremuko kudeatzaileek eta gobernuaren ordezkaritzak bisitak arautzeko protokoloa ezartzeko asmoz egin duten lan eskergari esker.

Gaurtik aurrera Basoa bisitatu nahi duten erabiltzaileek hitzordua hartu beharko dute www.bosquedeorgi.com web gunean,  erreserba eginez ibilgailu kopuruaren eta joan nahi duten ordu tartearen arabera.

Bisitetarako ezarri den segurtasun protokoloari jarraikiz, erabiltzaile kopuru murriztu batek joan ahalko du haien ibilgailuekin (motorrak, autoak, karabanak, autokarabanak eta 3248 eta 3148 zenbakiekin sailkaturiko etxebizitza ibilgailuak), bi orduko tarteetan. Denbora tarte horretan hariztia haien eskura izanen dute naturaz  eta ingurune zoragarri honen edertasunaz gozatzeko.

Bisitak norabide bakarra izanen du, eta sarrera eta irteera seinaleztatuak eta berezituak izanen dira, bisitariak segurtasun osoz sartu eta atera daitezen.

Oraingoz, ezin izanen dira zerbitzuak eta iturria erabili, ez eta mahiaak eta barbakoak ere, nahiz eta natura eremuko kudeatzaileen iritziz, heldu den astebururako, horretarako aukera egonen den, betiere muga batzuk ezarrita. 

Orgi Basoko sarrera guztiak itxita egonen dira, parking aldeko sarrera izan ezik, eta eremura soilik alde horretatik sartu ahalko da; beste sarrera guztiak debekatuak izanen dira, salbuespenik gabe.

Parking-era sartzeko langileak jarraitu beharreko ibilbidea erakutsiko die, eta osasun-neurrien indarreko araudia ere, parkeko egonaldiaz segurtasun osoz gozatzeko.  

Ekaineko hilabete honetatik hasita, eta heldu diren uda eta udazkena bitartean, Orgiko Basoak familiendako jarduera ugari eskainiko du, Orgi Basoko Ipuin-kontalariaren Jaialdiaren lehen edizioari jarraipena emanez. Joan zen urtean antolatu zen eta 4.000 ikus-entzuletik gora erakarri zituen.

Orgi Basoko Aisiarako Natura Eremuko kudeatzaileek Lizasoko Fundacion Ultzama 2013 delakoa osatzen dute, eta bertan Barraskilo-proiektua, Slow Food Eskola, Ultzamako Baserri Eskola eta Mikaela Gaztandegi Hezitzailea proiektuak ere kudeatzen dituzte.

Orgi Basoa irekitzeko baimena ematen duen argi berdearekin batera, kudeatzaileek Ultzamako Baserri Eskola irekitzeko baimena ere lortu dute, bisiten protokoloa aurkeztu ondoren behar diren osasun berme guztiak izateko eta Ultzamako bailaran egun atsegina pasatzeko, Iruñetik 15 minutura.

Baserriaz gozatu ahal izateko, aldez aurretik erreserba egin behar da, eta, horretarako zure eskura jartzen dute www.granjaescuelautlzama.es web orria.

Normaltasun berrirako beste pauso bat da, non haurren eta helduen jarduerak protagonismoa hartzen ari diren, bereziki honako ezaugarriekin loturiko jarduerak: landa-eremua, natura, lehen sektorea, ekonomia zirkularra eta familiako dibertsioa.