2020/06/22

Nafar Lansareko agentziekin telefonoz edo internet bidez izanen da lehen kontaktua, hitzordua eskatzeko

Nafar Lansarek herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak berrantolatu ditu, agentzietan aurrez aurreko arreta ahalik eta gehien murrizteko. Hori dela eta, lehen arreta telefono bidezkoa baino ez da izango, agentzien telefonoen bidez, dela gai batzuk argitzeko, dela aldez aurreko hitzordu baterako eguna eta ordua hitzartzeko. Hitzordua internet bidez ere eskatu ahal izango da.

Telefono bidez, momentuan ebatziko dira enplegu-eskariekin zerikusia duten kontsultak eta izapidetzeak: aktibazioa, deitu duen pertsona lanean hastekoa bada; datuak moldatzea; txostenak, etab.

Gogoratu beharra dago enplegu-eskaririk ezin dela berritu oraingoz, irailaren 30era arte gutxienez. Ordura arte, txartelak alta-egoeran egongo dira eta ez da berritzeko beharrik izango.  

Gainerako zerbitzuetarako, hitzordua eskatu beharko da, www.empleo.navarra.es atarian edo telefonoz.  Hau da, ezin da hitzordurik adostu aurrez aurre, agentzian bertan. Herritarrek aukera dute teknikariek emaniko honako zerbitzuak eskatzeko:

  • Enplegu-eskatzaile gisa izen ematea lehen aldiz, baita eskaturiko azken alditik denbora luzea pasatu denean ere.
  • Enplegua bilatzeko laguntza (curriculuma, aurkezpen-gutuna, elkarrizketa, teknikak).
  • Lan-arloko orientazio orokorra, eta gazteentzako espezifikoa.
  • Trebakuntzari (ikastaroak) buruzko aholkularitza eta akreditazioa.
  • Ekintzailetzarako aholkularitza.
  • Eures – Europan lan egin.

Lehen hitzordua telefonozkoa izanen da beti, eta aktibazioaz eta orientazioaz arduratzen diren langileek erabakiko dute prozesuak aurrez aurre jarraitu behar duen. Hala den kasuetan, maskara jantzita joan beharko da enplegu-agentziara.