Ultzamako Udalaren adierazpen instituzionala, Martxoaren 8a dela-eta
Duela ia urtebete gure jendartea eta bizitzeko moduak astintzen zituen COVID19ak eragindako pandemiak , inoiz ez bezala. Krisi multidimentsional eta sistemiko bat bizi dugu, aurrekaririk gabekoa, lehendik zetozen beste krisi batzuekin gurutzatzen eta lotzen den krisia, hala nola krisi ekologikoa eta zaintzen krisiekin.
Pandemiak agerian utzi du gordinki feminismotik aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da, eko eta interdependentea. Ezerk ez du bizitzaren zaintza baino garrantzitsuagoa izan behar, pandemiarekin muturreraino ahuldu eta prekarizatu den bizitza. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustu erradikala egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan, dagoeneko egiaztatuta baitago emakumeek eta neskek eragin negatiboagoa izan dutela krisi honetan, batez ere krisira zaurgarritasun edo diskriminazio handieneko egoeran sartu zirenentzat.
Eraldaketa erradikalak behar ditugu, feminismoak ozen dio aspaldi. Gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, erdigunean erreprodukzio sozial jasangarria jar dezaten politika publikoak behar ditugu, kapital-metaketa baztertuz, zeinak gizarte-gehiengoen bizi-baldintzak prekarioagoak bihurtzen baititu, merkantilizatu egiten baitu eta natura ustiatzen baitu, belaunaldi berrien etorkizuna arriskuan jarriz. Eta orain, krisi honek desberdintasunak areagotzea eta emakumeen eskubideetan atzerapena eragin ez dezan, are premiazkoagoa da genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzen duten neurri feministak hartzea.
Hilabete hauetan genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartu dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; lana galdu edo lan-baldintza are prekarizatuagoak ezarri dizkiete; birusa hartzeko arrisku handiagoa dute, genero-ikuspegiarekin ikertu gabe jarraitzen zuten bitartean; indarkeria matxista areagotu egin da, hari aurre egiteko baliabideak eta baldintza materialak mugatzen ziren bitartean; beste behar batzuk baztertu egin dira, hala nola sexu- eta ugalketa-osasuna edo osasun mentalarekin lotuak; parte-hartze soziopolitikorako aukera eta baldintzak galdu dituzte, etab.: azken batean, eta batez ere kolektibo zaurgarrienetako emakumeei dagokienez, pobretu dira zentzu guztietan, indarkeriaren aurrean babesgabeago daude, haien osasuna okertu egin da, zaintza-lanen zama handiagoa da...
Irtenbidea ez da pandemiaren aurreko egoerara itzultzea, emakume gehienek lehenago ere bizi baitzuten diskriminazioa eta eskubideen urraketa: orain da unea pandemian areagotutako larrialdiei erantzuna emateko, eta, aldi berean, guztiontzako bizitza duina bermatzea eta zaintzea lehentasuntzat joko duen antolaketa sozial, ekologiko eta ekonomikoko sistema bateranzko oinarri sendoak ezartzeko.
Publikotik krisi honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu: hala ere, badaude aukerak bide hori marrazten joateko, sisteman pitzadurak irekitzeko, eta, hain zuzen ere, tokikoa da eremu egokiena. Azken hilabeteetan Euskal Herriko hainbat udalerritan bultzatu diren zaintzako ekimen publiko-komunitarioak eredu ezin hobea dira.
Horretarako, erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.
Ez dago aitzakiarik: ez argazkirik ez adierazpen hutsik martxoaren 8aren atarian gaudelako. Egun honek udal honek politika publiko-komunitario feministekin duen konpromisoa berresteko balio behar du, krisiaren ondoriozko larrialdiei erantzuteko eta erdigunean bizitza zainduko duen gizarte-eredu baterantz joateko.
Horregatik guztiagatik, Ultzamako Udalak honako hau erabaki du:
- Ultzaman, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen laguntzarekin, bailaran emakumeek COVID19aren ondorioak nola jasan dituzten eta nola eragin dien ezagutu eta aztertzea.
- Ultzamaldeako Gizartze Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean, Emakume, nerabe eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea, kolektibo feministen eskutik.
- Gure herriko emakumeen ehun-soziala indartzea, premisa feministetatik eta ahalduntze-premisetatik.
- Udal ekimen eta politiketan, genero ikuspegia txertatzen sakontzea eta indartzea.
- Ultzamaldeako Gizartze Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera, zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz